Developing an agenda and a roadmap
for achieving full digital language
equality in Europe by 2030

Press Release Basque

META-NET White Paper Series: Europe’s Languages in the Digital Age


Series editors: Georg Rehm and Hans Uszkoreit

Published in 2012 by Springer


Press Release

Europako 21 hizkuntza, gutxienez, digitalki iraungitzeko arriskuan

Europako puntako hizkuntza-teknologietako adituek ohartarazten dute Europako hizkuntza gehienek ez bide dutela biziraungo aro digitalean

Europako hizkuntza gehienak digitalki iraungitzeko arriskuan daude, Europako puntako hizkuntza-teknologietako adituen arabera. Europako 80 hizkuntza ingurutako 30etan hizkuntza-teknologiek duten babes-maila aztertuta, adituen konklusioa da 30 hizkuntza horietarik 21etan “hutsa” edo “eskasa” dela digitalki garatzeko babes edo laguntza. Azterketa META-NETek garatu du, 34 herrialdetako 60 ikerketa-zentroz osatutako bikaintasun-sare europarrak.

200 adituk baino gehiagok prestatu dute azterketa, eta META-NET Liburu Zurien Bildumako 30 liburukitan argitaratu da (sarean nahiz inprimatuta eskura daitezke). Azterketa horretan, hizkuntza bakoitzak hizkuntza-teknologien arloan duen babesa azaltzen da, lau arlo desberdinetan: itzulpen automatikoa, ahots-bidezko interakzioa, testu-analisia eta hizkuntza-baliabideen eskuragarritasuna. Aztertutako 30 hizkuntzetatik 21 (%70) mailarik beherenean kokatu dituzte adituek, gutxienez arlo batean “babes hutsal edo eskasa” izateagatik. Zenbait hizkuntzak, hala nola islandierak, letonierak, lituanierak eta malterak, lau arloetan jaso dute puntuaziorik baxuena. Espektroaren kontrako muturrari dagokionez, nahiz eta adituek kontsideratu duten “babes bikaina” duen hizkuntzarik ez dagoela, ingelesa soilik jo da “babes ona” duen hizkuntzatzat, eta haren atzetik daude alemana, espainiera, frantsesa, italiera eta nederlandera, “babes ertainaz”. Bulgarierak, euskarak, grezierak, hungarierak, katalanak eta polonierak “babes zatikatua” dute, eta, hortaz, arrisku handiko hizkuntzen multzoan ezarri dira horiek ere.

“Gure azterketaren emaitzak oso dira kezkagarriak. Europako hizkuntzarik gehienek behar baino baliabide gutxiago dauzkate, eta haietariko zenbait erabat baztertuta daude. Zentzu horretan, gure hizkuntzetariko asko ez daude prest etorkizunari aurre egiteko”, dio Hans Uszkoreit katedradunak, META-NETeko koordinatzaile, DFKIko (Alemaniako adimen artifizialerako ikerketa-zentroko) zuzendari zientifiko, eta azterketaren koeditore denak. Azterketaren beste koeditoreak, Georg Rehm doktoreak, (DFKI) hau gaineratzen du: “Berebiziko aldeak daude, hizkuntza-teknologien babesari dagokionez, Europako hizkuntza eta teknologia-eremu batetik bestera. Hizkuntza ‘handien’ eta ‘txikien’ arteko tartea gero eta handiagoa da. Bermatu egin behar dugu hizkuntzarik txikienak eta baliabide murriztukoak ezinbesteko oinarrizko teknologiez hornituko direla; bestela, hizkuntza horiek digitalki iraungitzera kondenaturik daude.”

Ahozko nahiz idatzizko giza hizkuntza prozesatu dezaketen softwarea ekoizten du hizkuntza-teknologien eremuak. Hizkuntza-teknologien software ezagunenetarikoen artean, honako hauek daude: zuzentzaile ortografikoak eta gramatikalak, smartphonetako laguntzaile pertsonal interaktiboak (iPhoneko Siri, esaterako), telefono bidezko elkarrizketa-sistemak, itzulpen automatikoko sistemak, webeko bilatzaileak eta automobiletako nabigazio-sistemetan erabiltzen diren ahots sintetikoak. Gaur egun, hizkuntza-teknologietan oinarritutako sistema gehienek metodo estatistikoak baliatzen dituzte, eta idatzizko edo ahozko datu kopuru izugarri handien beharra dute. Datu-bilduma egokiak lortzea zaila da; bereziki, hiztun kopuru handia ez duten hizkuntzentzat. Gainera, hizkuntza-teknologia estatistikoetan oinarritutako sistemek berezko mugak dituzte kalitateari dagokionez; hala erakusten dute, adibidez, webeko itzulpen automatikoko sistemek sortzen dituzten itzulpen sarri xelebreek.

Herrialdeen arteko ia muga guztiak kentzea lortu du Europak. Haatik, oraindik ere bada muga bat, eta badirudi gaindiezina dela: hizkuntza-eragozpenen muga. Muga ikusezin hori da, hain zuzen, jakintzaren eta informazioaren joan-etorria oztopatzen duenetariko bat; halaber, merkatu digital bakarra sortzeko epe luzeko helburua ere eragozten du, ondasunen, produktuen eta zerbitzuen joan-etorri askea ere oztopatzen baitu. Hizkuntza-teknologiek itzulpen automatikoko sistema modernoen bidez hizkuntza-eragozpenak gainditzeko aukera ematen badute ere, META-NETen azterketaren emaitzek argi erakusten dute Europako hizkuntzarik gehienak ez daudela oraindik prest. Hutsune nabarmenak daude teknologian, zeren I+G proiektu gehienak ingelesean oinarritzen baitira, konpromiso eta diru-baliabide falta baitago, eta, orobat, ikerketarako eta teknologiarekiko ikuspegi garbirik ez baita garatu.

Ezinbestekoa da Europan ekimen koordinatu eta eskala handiko bat sortzea, falta ditugun teknologiak garatuko baditugu eta teknologia ahalik eta hizkuntza gehienetara transferituko badugu. Arrazoi sendoak daude berebiziko erronka horri ekimen bateratu baten bidez aurre egiteko, Europar Batasunaz, hura osatzen duten estatu eta herrialde elkartuez nahiz industriaz osatutako ekimen bateratu batez. Arrazoi horiek, besteak beste, hauek dira: hizkuntza-komunitate txikienentzako karga finantzario handia biztanleko; hizkuntzen artean teknologiak trukatzeko beharra; baliabideen, tresnen eta zerbitzuen elkarreragingarritasun falta; eta hizkuntza-mugak eta muga politikoak maiz bat ez etortzea. Europak bere hizkuntzak aro digitalerako prestatzeko ardura hartu behar du. Gure kultura-ondarearen altxor preziatua dira hizkuntzak, eta, hortaz, bizirauteko aukera eman behar zaie.

Europako Kontseiluak, irailaren 26an, Europako Hizkuntzen Eguna ospatzen du, gure kontinenteko hizkuntza- eta kultura-ondare aberatsa sustatzeko eta garatzeko garrantzia aitortzen duen eguna. Gure hizkuntza-ondareak informazioaren aroan dituen erronkak eta aukerak gogorarazteko lan zorrotza da META-NETen azterketa.

Hizkuntza-teknologiak: egungo egoera

Dagoeneko, hizkuntza-teknologiek eguneroko ataza asko errazten dizkigute, hala nola mezu elektronikoak idaztea edo txartelak erostea. Hizkuntza-teknologiez baliatzen gara web-orriak bilatu eta itzultzean, zuzentzaile ortografikoak eta gramatika aztertzeko baliabideak erabiltzean, automobileko GPS sistema edo telefono mugikorra ahots bidez maneiatzean, webeko liburu-denda batean gomendioak jasotzean, edo nabigazio-aplikazio mugikor baten ahozko argibideei jarraitzean. Etorkizun hurbilean, ordenagailuko programekin, makinekin eta etxetresna elektrikoekin hitz egin ahal izango dugu, baita hain irrika handia sortzen duten eta aurki etxeetan eta lantokietan izango ditugun zerbitzu-robotekin ere. Edonon gaudela ere, informazioa behar dugunean, galdetu besterik ez dugu izango, eta, laguntza behar dugunean, eskatu besterik ez. Jendearen eta teknologiaren arteko komunikazio-eragozpenak desagerrarazteak aldatu egingo du mundua.

Oro har, onartuta dago, gaur egun, hizkuntza-teknologiak informazio-teknologietako garapen-eremu giltzarrietariko bat dena. Google, Microsoft, IBM, Nuance eta antzeko nazioarteko konpainia handiek inbertsio handiak egin dituzte alor honetan. Europan, ehunka enpresa txiki eta ertain espezializatu dira hizkuntza-teknologien zenbait aplikazio edo zerbitzutan. Izan ere, hizkuntza-mugak gaindituz, elkarlanerako, ikasteko, negozioak egiteko eta jakintza partekatzeko aukera ematen dute hizkuntza-teknologiek, direnak direla trebetasun informatikoak.

META-NET Liburu Zurien Bilduma

META-NETen “Hizkuntzak Europako informazio-gizartean” Liburu Zurien Bildumak Europako 30 hizkuntzen egoeraren berri ematen du, hizkuntza-teknologiei dagokienez; halaber, arriskurik larrienak eta aukerak zein diren ere azaltzen du. Bilduman, EBko estatuetako hizkuntza ofizial guztiak eta Europako beste zenbait hizkuntza ere hartu dira kontuan. Hizkuntzen eta teknologien zenbait alderditan oinarritutako ikerketa zientifiko zorrotz eta baliagarri ugari egin badira ere, orain arte ez da egon Europa eleanitzeko babes teknologikoa aztertzen duen bilduma orokor bat, hizkuntza bakoitzerako aurkikuntza eta erronka nagusiak aurkezten dituena. META-NET Liburu Zurien Bildumak hutsune hori betetzen du. Horrenbestez, hizkuntza gehienek arazo larriei aurre egin beharraren zergatia azaldu eta hutsunerik larrienak zein diren zehaztu dezake META-NETek. Guztira, 200 autorek eta laguntzailek parte hartu dute Hizkuntzen Liburu Zurien prestaketan.

Liburu zurietan, Europako hizkuntza hauek aztertu dira: alemana, bulgariera, daniera, errumaniera, eslovakiera, esloveniera, espainiera, estoniera, euskara, finlandiera, frantsesa, galiziera, greziera, hungariera, ingelesa, irlandera, islandiera, italiera, katalana, kroaziera, letoniera, lituaniera, maltera, nederlandera, norvegiera (bokmål eta nynorsk), txekiera, poloniera, portugesa, serbiera eta suediera. Azaltzen duen hizkuntzaz dago idatzia Hizkuntzen Liburu Zuri bakoitza, eta ingelesezko itzulpen osoa du erantsia.

META-NET eta METAri buruz

META-NETek, 34 herrialdetako 60 ikerketa-zentrok osatutako bikaintasun-sareak, Europa eleanitzeko informazio-gizartearen oinarri teknologikoak eraikitzea du helburu. Besteak beste Europako Kontseiluak laguntzen du diruz META-NET, lau proiekturen bidez.

META-NET, gaur egun, META (Europa Eleanitzeko Aliantza Teknologikoa, Multilingual Europe Technology Alliance) ari da sustatzen. Dagoeneko 55 herrialdetako 600 erakunde baino gehiago bildu dira aliantza teknologiko ireki honetara; besteak beste, ikerketa-zentroak, unibertsitateak, enpresa txiki eta ertainak, bai eta zenbait enpresa handi ere.

  • Contact:
  • Prof. Dr. Hans Uszkoreit
  • Prof. Dr. Georg Rehm
  • META-NET Office c/o DFKI Berlin
  • Alt-Moabit 91c
  • 10559 Berlin, Germany
  • Phone: +49 (0)30 23895-1833
  • Email: georg.rehm@dfki.de